2016(e)ko abuztuaren 15(a)

Grace Murray Hopper

Grace Murray Hopper (New York, 1906 - Arlington, Virginia, 1992) matematikaria eta militarra izan zen. Lagunen artean Amazing Grace izena zuen.

Txikitatik erakutsi zuen matematikarekiko interesa eta bere aitonak eta aitak hasieratik bultzatu zuten ikasketetan aurrera egitera, unibertsitate ikasketak egitera iritsi arte. Gainera, asko gustatzen zitzaizkion gailu mekanikoak. Emakumeentzako hainbat eskola pribatuetan ikasi zuen eta 1928an ohoreekin matematika eta fisikan graduatu zen. Ondoren, matematiketako master bat egiteko beka bat eskuratu zuen eta doktoretza egiten zuen bitartean,  Vassar College eskolako (graduatu zen eskolako) matematika departamentuko laguntzaile gisa eskaini zioten lanpostua.

1943an, Bigarren Mundu Gerran, armadan parte hartzea erabaki zuen. Baimen berezi baten premia izan zuen horretarako. Teniente maila lortu zuen eta Harvardera bidali zuten Mark I konputazioko proiektuan lan egiteko. Mark I makinarako hainbat aplikazio garatu zituen; aseguru enpresa batek erabiltzen zuen makina hau garai hartan. Gerratearen amaieran, armadatik gaitzetsia izan zen, onartutako adinetik pasa baitzen, eta Harvard-en jarraitu zuen ikerlari lanetan.

Hopper eta UNiVAC I
1949an Eckert-Mauchly Corporation-en hasi zen lanean; momentu horretan BINAC eta UNIVAC I makinak garatzen ari ziren. Gracek han egin zituen programazio modernoarentzat ekarpen gehienak. 1952an historiako lehen konpiladorea egin zuen eta 1957an ingelesezko komandoak prozesatzen zituen lehen konpilatzailea (FLOW-MATIC). COBOL programaren diseinu taldearen kide izan zen eta FLOW-MATIC COBOL diseinatzeko urrats garrantzitsua izan zenez, Hooper lengoaia honen sortzailetzat hartzen da.



Armadako erreserban iraun zuen 1966 arte; erretiratu behar izan zuten, berriro ere adinez nagusiegia baitzen. Halere, urte bete beranduago armadak deitu zion, bertan erabiltzen zituzten goi mailako lengoaien estandarizazio bat egiteko. Beste 19 urte eman zituen armadan. 1973an kapitain izendatu zuten eta 1983an kontralamirante. 1986an guztiz utzi zuen armada eta Digital Equipment Corporation-eko aholkulari izatera pasa zen, foroetan parte hartuz, urtean 200 hitzaldi baino gehiago emanez eta hezkuntza programetan parte hartuz 1990 arte. Urte honetan bertan guztiz utzi zion lan egiteari.

Bere bizitzan zehar sari ugari jaso zituen, besteak beste: 40 doktoretza Honoris Causa, Teknologiaren domina nazionala, Wilbur Lucius Cross domina...





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina