2017(e)ko martxoaren 27(a)

Zergatik esaten zaio taula periodikoa?

Elementuen taula periodikoa edo sistema periodikoa, elementu kimikoak oro har zenbaki atomikoaren arabera (txikienetik handienera) ordenatzen dituen diagrama da. Elementuak 18 zutabetan eta 7 errenkadatan antolatuta daude; errenkadei periodo deritze eta zutabeei talde.

Taldeak s, p, d edo f bloketan sailkatzen dira, talde bereko elementuek, salbuespenak ezik, antzeko propietateak dituztelarik. Periodoetan elementuen propietateak aldatuz doaz, portaera metalikotik ez-metalikoraino, gas noble batean bukatuz. Metalen eta ez-metalen arteko mugaren inguruan dauden elementuek tarteko propietateak dituzte, eta, beraz, erdimetalak edo metaloideak esaten zaie.


Baina, zergatik esaten zaio taula periodikoa elementu kimikoak ordenatzeko erabiltzen den taulari?

Elementu kimikoak ordenatzeko erabiltzen dugun taulari, taula periodikoa edo sistema periodikoa esaten zaio, elementuek dituzten ezaugarriak edo propietateak periodikoki errepikatzen direlako. Periodo oso baten ondoren (kutxatila kopuru zehatza), elementuak lerro berri batean kokatzen dira, zutabeak agertuz. Zutabe hauetan antzeko propietateak dituzten elementuak kokatzen dira, bata bestearen azpian, taldeak osatuz.

http://www.rsc.org/periodic-table

Royal Society of Chemistryren web gunean taula periodiko interaktibo interesgarria aurkitu dezakegu elementuen informazioa osoarekin: ezaugarriak, historia, erabilera, elementuen inguruko bideoak... Aplikazioa deskargatzeko aukera ere dago.


2017(e)ko martxoaren 12(a)

Hipatia

Hipatia (370-415) Alexandrian (Egipto) jaiotako emakumezko astronomoa, matematikaria, filosofoa, asmatzailea eta irakaslea izan zen.

Aita, Alexandriako Teon matematikari eta astronomo ospetsua zen, bere garaikideek maite eta errespetatzen zutena eta bertako liburutegi famatuan lan egiten zuena. Emakumezkoei ukatu ohi zitzaien giro akademiko eta kultuan hezi zuen Teonek alaba, bere jakinduria berarentzat eta bere ikasleentzat soilik gordetzearekin konforme ez bait zegoen. Historialari askoren esanetan, Hipatiak aita bera gainditu zuen matematika eta, bereziki, astronomia kontuetan. 

Astrolabioa
Hipatia, jakinduria orori irekia, giro akademiko eta kulturadunean hezi zen. Atenas eta Erromara bidaiatu zuen, betiere ikasteko eta irakasteko grinarekin. Bere etxea, bere ospeak erakarritako mundu osoko ikasleak batzen zituen egoitza bihurtu zen. Alexandriako liburutegi famatuan lan egin zuen eta kontzeptu konplexuak argitu zituen geometrian, filosofian, astronomian eta beste arlo batzuetan. Hainbat dokumentu idatzi zituen, besteak beste, Diofantoren Kanon Astronomikoa; lan horretan, lehen eta bigarren mailako ekuazioez aritu zen. Era berean, argizagien mugimenduak zehaztasunez kalkulatu zituen. Ptolomeo eta beste jakintsu batzuen lanak hobetu zituen, eta haren ekarpenak funtsezkoak izan ziren, 1.000 urte geroago, Galileoren lanean eta hortaz astronomia modernoan.

Epaileek berarekin kontsultatzen omen zuten sarri, politikan eragin handia zuen eta mekanika eta teknologiarekin ere interes handia zuen. Ur destilatua lortzeko tresna bat asmatu zuen, uraren maila neurtzeko aparatua eta likidoen dentsitatea zehazteko beste bat (dentsimetroa). Izarren, planeten eta Eguzkiaren posizioak neurtzeko, astrolabioa eta esfera laua sortu zituen.

412. urtean Alexandriako Zirilo apezpikua (geroago San Zirilo izango zena) patriarka izendatu zuten eta paganismoaren aurka gogor egin zuen. Bere senean emakume hau miresten zuen arren, ez zuen ametitu emakume bat zientzian jardutea eta berak aginduta Hipatia hil zuten 415. urtean.


2009an Alejandro Amenabar zinema zuzendariak Agora filma aurkeztu zuen. Bertan, Alexandriako Hipatiaren bizitza eta azken egunak ikus daiteke.


Informazio gehiago:
Hipatia
4 cientificas extraordinarias
La historia de Hipatia de Alejandría
Hipatia de Alejandría