2016(e)ko azaroaren 20(a)

John Dalton eta daltonismoa

John Dalton (1766-1844) kimikari, fisikari eta meteorologo ingelesa izan zen. Manchesterko unibertsitatean fisika eta kimika irakatsi zuen urte askotan. Fisikan gasei buruzko ikerketak sakondu zituen, meteorologiatik abiatuz. Bere izena daraman legea finkatu zuen, Dalton-en legea edo proportzio anizkoitzen legea.

Materia atomoz osatuta dagoela esan zuen eta bere teoria atomikoa formulatu zuen. Gai osatuak, elementu desberdinen atomoen konbinazioz eratzen direla esan zuen, zenbaki txiki osoek definitutako proportzioetan, baina ez zuen metodo fidagarririk atomoen konbinazio erlazioak zehaztu ahal izateko. Egoera horretan, uste izan zuen, bi elementuz –A eta B– osatutako konposatu batean, gai osatuaren formulak ahalik eta bakunena izan behar zuela: AB. Horretan oinarriturik, eta euren artean konbinatzen ziren zenbait elementuren masa atomikoak kontuan hartuta, lehenengo masa atomiko erlatiboak kalkulatzeko gai izan zen. Hala ere, gai osatuen formulei buruzko haren usteak ez ziren beti zuzenak izan. Adibidez, uste zuen uraren formula HO zela eta beraz, bere taulako zenbait masa atomiko gaizki kalkulatuak zeuden. New System of Chemical Philosophy (1808) liburuan atomoaren teoriaren oinarriak finkatu zituen, gaur egun ezagutzen diren bezala.

Ikusmenean bazuen akats bat, diskromatopsia edo koloreak bereiz ezina. Berak deskribatu eta aztertu zuen, bere omenez, daltonismo izenaz ezagunagoa den arazo hori.